Pilotak euskal kulturan berebiziko garrantzia duen kirola da eta Azkoitiak betidanik izan du lotura handia kirol honekin. Honen froga da askoren ustetan historiak eman duen esku pilotari hoberena, Atano III, Azkoitian jaio zela.
Pilotaren antzinako modalitateak berreskuratzeko, kirol honen izpiritua mundu osora zabaltzeko eta Azkoitia pilotaren erreferentzi gune bilakatzeko jaio da Azkoitiko Udalak sortutako Pilotartea proiektua.
Pilotartearen helburu nagusia euskal pilotaren kultura zabaltzea da, gazte zein helduen artean. Horretarako, material eta tresna ezberdinak garatzen ari dira, horien artean, euskal pilotan dauden modalitate ezberdinei buruzko bideo pedagogiko batzuk eta euskal pilotaren historia era labur eta atsegin batean jasotzen duen beste bat.
Gainera, pilotaren inguruko erakusketa bat antolatzea aurreikusten da, kirol honek izan duen ibilbideari errepasoa egingo diona eta pilotaren inguruko material historiko eta tresna zahar ugari jasoko dituena.
Tresna hauek guztiak euskal pilotaren mundua ikasle talde nahiz turistei gerturatzeko balioko dute.