El Capitán Olano de Edward Rosset

Lope de Olano 1479an jaio zen. Azkoitiko alkate Juan Olanokoaren eta Maria
Loiolakoaren semea zen, baita San Ignazio Loiolakoaren lehengusua -12 urte
geroago jaio zen San Ignazio-. Sebastian anaiak Kristobal Kolon lagundu zuen
haren bigarren bidaian: Errege-erregina Katolikoek bidali zuten, Erresumaren
kontuak zaintzera. Lopek berak, berriz, hirugarren bidaian lagundu zuen Kolon,
pilotu. Bi anaiek Erroldanekin bat egin zuten, Kolon anaien tiraniaren aurka
matxinatu baitzen. Bakeak egin ondoren, Kolonek Santo Domingoko alkate
izendatu zuen Erroldan, eta Erresumako notario Sebastian Olanokoa.
1496ko abuztuaren 20an, Joana printzesa Laredotik abiatu zen, Filipe artxidukearekin
ezkontzera. Alonso de Ojedak espedizio bat antolatu zuen Tierra Firme
probintziara, Juan de la Cosak eta Ameriko Vespuziok lagunduta. Kolon kargugabetu
egin zuten, eta Francisco de Bobadillak hartu zuen haren kargua. Lope
Olanokoa Espainiara itzuli zen, eta Bastidasen eta Juan de la Cosaren espedizioari
batu zitzaion, pilotu; munduko mapa marrazten amaitu berria zen espedizioa.
1500. urtea zen. Gazte bat ontziratu zen haiekin batera: Vasco Núñez de Balboa.
Egurra jaten duen har batek ontziei eraso zien. Itsasgizonak Xaraguan lehorreratu
ziren, eta oinez joan ziren Santo Domingoraino. Bastidas kartzelatu egin zuten,
haren kontrako zenbait akusazio argitu artean.