Aurten ere aitortu zaie beren lana ekintzaileei; hau da, beren bizimoduaren eta ekintzen bidez ekonomia, kultura eta gizartea garatzen lagundu duten pertsonei. Eredutzat har daitezke pertsona horiek, gure fundazioaren ildoarekin bat datozenak. Iaz Fundazio honetako patroi Inaxio Uriari (ETAk hila) eman genion merezitako omenaldi hunkigarria, Euskal Herriaren ekonomia- eta enpresa-garapenaren alde egindako lanarengatik. Aurten, berriz, Ekintzailearentzako Sariaren bidez, bizitza osoa kulturaren alde lan egin izana eskertu nahi izan zaio Luis Iriondori. Irratia, zinema eta musika, batetik, eta sortzailea, hedatzailea eta protagonista, bestetik; horra Luis Iriondo, 2010eko Oteiza Fundazioaren Ekintzailearentzako Sariaren irabazlea, hitz gutxitan. Saria emateko ekitaldia urriaren 7an izan zen; ospakizun hunkigarri hartan, Asier Aranbarri Fundazioko lehendakariak Oteizaren San Ignazioren eskultura eman zion sarituari. Ondoren, Iriondo protagonistatzat duen film batez, Gran Sol filmaz, gozatu ahal izan zuten Bastartxo zineman bildutakoek.